Sarritan, Gipuzkoako udalek eta beste tokiko entitateek zailtasun handiak dituzte landa azpiegituretan inbertsioak garatzeko beraien aurrekontuetatik. Hori da Foru Aldundiak ematen duen zergatia baserri bideak berritzeko 2019ko deialdia ateratzeko, Gobernu Kontseiluak gaur bertan onartu duena. 1.600.000 euro bideratuko dira helburu honetara; beraz, iazko inbertsioari eutsiko zaio.
Aurten, berritasun gisa, joan den urtean euriteen eta baldintza klimatologiko gogorren ondorioz urjentziaz egin ziren lanak ere, deialdira aurkeztu ahal izango dira.
Joan den urtean, esaterako, 64 herri eta toki-erakunderen eskutik, 101 proiektu gauzatu ziren deialdi horren baitan. Udalek egin zuten ekarpena gehitzen bazaio, 2.932.632 euroko inbertsioa eragin zen guztira. Horri esker, 68 kilometro baserri bide berritu edo asfaltatu ziren aurreneko aldiz. 2016az geroztik egindako lanak kontuan hartzen baldin badira, guztira 224 kilometro berritu dira. Hori horrela, deialdiaren “irismena” eta “eragin positiboa” azpimarratu du Aldundiko bozeramailea den Imanol Lasak.
Gaur egun erabilera publikoko 3.360 kilometro baserri bide inguru daude Gipuzkoan, eta “horiek mantentzea eta berritzea da herriek, batez ere 2.500 biztanle baino gutxiago dituztenek, egiten diguten eskaera nagusietako bat”.
“Gipuzkoa ezin da ulertu landa eremurik gabe”
Aldundia Gipuzkoako landa eremu osoan lantzen ari den Landagipuzkoa+ egitasmoaren programetako bat da gaur onartutakoa, argindar sarea berriztatzeko programarekin batera. Ekintza horiek lurralde oreka finkatzera doaz zuzenduta: “Horretarako, zuzendaritza berria sortu genuen legealdi hasieran”, gogorarazi du Lasak.
“Gipuzkoa ezin da ulertu landa eremurik gabe. Landa inguruneko herriak eta udalerri txikiak Gipuzkoako nortasunaren oinarrietako bat dira, horregatik herri txikiak mantentzeko konpromisoa hartu dugu. Landa ingurunean hiri ingurunearen antzeko zerbitzu integralak eta gizarte ongizatea lortzea dugu helburu”.
Deja un comentario