Donostiako Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez, lau ekimen jarri ditu abian haur eta gazteei zuzenduta, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko. Guztira, 982 lagunek hartuko dute parte uztailaren 3an hasiko diren lau programetan.
Lau jarduera antolatu ditu uztailean:
Oporretan Euskaraz udaleku irekiak, 5-11 urteko haurrentzat;
Haurrak Udan Mintza Jolasean (8-10 urtekoentzat)
eta Aisikasi (12-15 urtekoentzat) udaleku trinkoak, ikasturtean zehar kanpotik gurera etorri eta oinarrizko hizkuntza-maila eskuratu ez dutenentzat;
azkenik, euskara ikastaroak, oinarrizko euskara mailarik ez duten 16-18 urteko gazteentzat. Aipatu lau jardueretan, guztira, 982 haur eta gaztek hartuko dute parte.
Oporretan euskaraz, ohiko udaleku irekiak
Oporretan Euskaraz udalekuetan, 5-11 urte bitarteko 704 ikasle elkartuko dira aurten. Udaleku ireki hauek uztailaren 3tik 28ra izango dira, goizez (09:00etatik 13:30era), astelehenik ostiralera, hiriko hamar gunetan. Taldeak jaiotze urtearen eta jasotze puntuaren arabera eratu dituzte. 08:30etik 9:00etara zaintza zerbitzua ere eskainiko zaie horren beharra duten familiei.
Arreta berezia iritsi berri direnei
Haurrak Udan Mintza Jolasean eta Aisikasi izeneko jardueretan euskara erabiltzeko gaitasun urria duten haurrek hartuko dute parte. Haur horiek oraindik ez dute euskara menderatzen, gehienak jatorri ezberdineko etorri berriak baitira.
Haurrak Udan Mintza Jolasean jardueran, 8-10 urteko (LH 3 eta LH4) 86 haurrek hartuko dute parte eta eta hiriko lau haurtxokotan (Amaran, Bidebietan, Egian eta Intxaurrondon) egingo dira. Lau aste iraungo du egitasmoak, uztailaren 3tik 28ra.
Aisikasi egitasmoa, berriz, 12-15 urte arteko gazteei (DBH 1-2 eta 3) zuzenduta dago. 105 gaztek hartuko dute parte eta hiriko bost gaztelekutan (Aieten, Altzan, Amaran, Bidebietan eta Intxaurrondon) bilduko dira, uztailaren 3tik 28ra.
Doako euskara ikastaro berezituak 16-18 urte bitartekoentzat
Azkenik, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, hiriko euskaltegiekin elkarlanean, euskara ikastaroak (B2 maila arte) antolatu ditu uztailean, oinarrizko euskara mailara iristen ez diren 16-18 urte bitarteko gazteentzat. 87 gaztek eman dute izena. 60 orduko ikastaroa egingo dute doan uztailaren 3tik 24ra.
Deja un comentario